Alela izeneko Bartzelonako
herri batean jaio zen, 1859.urteko urtarrilaren 10ean. Haurtzaroa apaizekin igaro
zuen eta haiekin jasotako kolpeek eta zigorrek, eragina izango zuten
heldutasunean izan zuen elizaren kontrako jarreran.
Europa izan zuen
bizileku, eta kontinente horretako sozialismo utopikoko buruekin elkarkidetzan
aritu zen.
1898.urtean, P.
Kropotkinen iradokizunengatik anarkismoan oinarritzen zen hezkuntza komite bat
sortu zuen, non hezkuntza integrala, arrazionala, mistoa eta libertarioa
jorratu behar zen.
1891.urtean herentzia
garrantzitsu bat eskuratu ondoren, Eskola Modernoa sortu zuen, urte gutxiren
buruan matrikula kopuru handia lortzen joan zena eta estatuko beste
lurraldeetara zabaldu zena.
Haren ikuspegi
erradikala dela medio, Bartzelonako Aste Tragikoan parte hartzea leporatu
ondoren, Gerra Kontseilu batek hiltzera kondenatu zuen, eta 1909an erail zuten.
Ferrer i Guardiaren teoria
pedagogikoaren abiapuntua
Francesc Ferrer i
Guardia, pedagogo anarkista dugu, zeinak eskolaren bitartez sozialismo utopikoa
zabaldu nahi zuen.
“Zergatik eta zertarako hezi nahi ditugu haurrak” izango da haren galderarik garrantzitsuena eta erantzun
bakarra izango du Ferrerek:
Pertsonen liberazioa lortu behar da eta horren bitartez
gizartearen aldaketa lortuko da. Hezkuntzak edozein botereren aurkako
errebelamendua piztu behar du gizabanakoarengan. Gainera, hezkuntzak
zapalkuntza espiritualaren eta sasi balioen kontra jo behar du. Horren ondoren,
elkarbizitzarako gizarte egitura berria sortuko da.
Ardatz nagusi horren
gainean joan ziren eraikitzen sozialismo utopikoaren alderdi pedagogikoak. Anarkistek
erakunde guztien kontra jo zuten, gizartearen eraldaketaren bila. Estatuen oinarriak
ere kendu behar ziren, hots, estatua bera eta eliza.
Horrela, hezkuntza
berria eraikitzeko, borondatez egiten ez den guztia ezabatu behar da, hala
nola, azterketak, ordutegi finkoak, programak, sariak eta zigorrak,…
Haur bakoitzak bere
erritmoan ikasi behar du, haren jarrerak errespetatu behar dira eta
komunitateari zuzendu behar zaizkio ahal egin guztiak.
Eskola mota horri,
modernoa deitzeaz gain, arrazionala ere deitzen zaio, izan ere, horixe da beste
ardatz nagusia.
Irakaskuntza arrazionala,
ezer baino lehenago, hutsaren eta ezjakintasunaren kontrako defentsa estrategia
da. Oinarri zientifikoetatik eraiki behar da ezagutza, dogmatismo arrastorik gabe
edota superstiziorik gabe, eta mitoen kontra.
Ferreren iritziz,
erlijioak errealitatearen interpretazio ez zientifikoa dakar, dogmatikoa eta
pertsonen menekotasuna ekartzen du. Horregatik, Eskola Modernoak zientzia
naturalaren ikaskuntza defendatzen zuen, egiaztagarria zena, behagarria zena,
zientifikoa zena eta arrazionaltasunaren bitartez erakusten zena.
Edozein pertsonak bere
jakintza propioa jorratu eta izan behar du, bakoitzak bere ezagupenetan parte
hartuz eta sorturiko arazoak bere kabuz konponduz.
Horren irakaskuntza
laikoa da eta lan handia egingo du norabide horretan.
Bestalde, Ferrerek ez
zuen ezagupena lorpen indibidualtzat ulertzen. Hagitz garrantzitsua zen
berarentzat jakintza konpartitzea. Partekatzearen jarduera, berez, aberatsa da
haren ustez, izan ere, jakintza gehiago sortzeko ahalmena baitu. Horregatik,
eskolako korrespondentzia bultzatu zuen ikasleen iritsiak agertuz.
Liburuak, bestalde,
jakintzaren iturri dira; horregatik, liburutegiak izan behar du eskolako
zentro. Baina liburu guztiak ez direla onak pentsatzen du, soilik iritsi kritikoa
bultzatzen dutenak eta ezagupena zabaltzen dutenak dira onargarriak.
Horregatik, harentzat
garrantzi handia izan zuen liburuen sailkapenak eta zabalpenak. Hain zaila zen
garai horretan nahi zen liburua eskuratzea, non Ferrerek bere argitaletxe
propioa sortzea erabaki zuen.
Ferreren irizpide pedagogikoak
Ferrerek idatzitako “La
Escuela Moderna” liburuan agerian uzten ditu bere eskolan aurrera eraman nahi
dituen ideia pedagogikoak. Hainbat gai jorratzen ditu idazlan horretan, eta
batzuk azpimarratuko ditugu orain.
- Hezkidetza: XIX.mendearen bukaeran eta XX.mendearen hasieran, neskek eta mutilek eskola desberdinetan ikasten zuten. Eskola arrazionalarentzat, neskak eta mutilak elkarrekin heztea, eskola mistoa, alegia, ezinbestekoa zen. Bertako hezkidetzaren helburu bat, emakumea gizonaren elementu bat ez zela argi agertzea zen.
- Klase sozialen arteko hezkuntza: Gizarte aberatsek zein pobreek ikasteko aukera izan behar dute. Elkarrekin ikasiz elkar aberasten dute, beste ikuspegi bat hartzen dute, klase bakoitzak bere lekutik bestearen beharrak eta nahiak ikusten ditu eta giza egoera justuagoak sortzeko gaitasun handiagoa eskuratzen dute. Gizaki guztiak zerbait eskaintzeko ahalmena dauka, besteentzat baliagarri suerta daitekeena. Hortaz, Ferrerek giza klase guztietako ikasleak onartzen zituen. Ferrerentzat, bestalde, unibertsitateko irakaslea zein fabrikako langilea izan daiteke jakintzaren iturri. Ideia horretatik garatu ziren “Igandeetako irakaspena” deitutakoak. Horietan, Eskolak bere ateak irekitzen zizkien ikasi nahi zuten guztiei. Herria hezkuntza iturri bihurtzen da, gaur egungo eskola kritikoak bultzatzen duen eredua aurreikusiz.
·
Ez zigorrik, ez oparirik, ez azterketarik: Gizarte horretan zeuden sailkapenik handienak saihestuta,
ikasleen artean beste mota bateko sakabanaketak ez zuen zentzurik. Ikasketen araberako
sailkapenak, adimenaren edota errendimenduaren araberakoak, ez zuen lekurik
Eskola Modernoan. Horregatik, eskola horretan ez zen notarik ezartzen. Gauza bera
gertatzen zen zigorrekin. Ikasle bakoitzak egiten zuena onartzen zen notarik,
zigorrik edo saririk gabe, hau da, kanpoko balioespen horiek gabe.
Ikasketen araberako sailkapenik suerta ez zedin, ez zen
azterketarik egiten. Ferrerentzat azterketak ez ziren ikaslearen onerako
suertatzen, irakaslearen zorroztasuna adierazteko baizik.
Eskola horretan, ikasketetan huts egiteak ez zekarren
haurrak zigortzea, garaiko beste eskoletan gertatzen zen moduan.
·
Balioak:
Ferrerek bereziki goraipatuko ditu pertsona autonomo egiten duten balioak. Horrela,
antolatzeko autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna, iritsi propioen garapena
eta abar bihurtuko dira haren hezkuntzaren proposamenaren ardatz.
Baina balio
horiek guztiak ez dira interesgarriak helburu komunitariorik ez badute. Horregatik,
norbanakoaren gaitasunak kolektibitatearen hobekuntzarako bidean jarri behar
dira. Haren eskolan emango den hezkuntza, libertarioa izan behar du. Pertsonen askatasunetik
hasiz erkidegoaren askatasunerantz doana. Hiritartasuna, errespetua,
elkarbizitza, partaidetza edota elkartasuna, bai bertakoa bai unibertsala
izango dira Ferrerek bultzatuko dituen balioak.
Bestalde, XIX.mendean dauden Elizaren kontrako mugimendu
progresistei jarraituz, Elizak gizartearengan eta norbanakoaren kontzientzietan
daukan boterea gogor eta bortizki kritikatuko ditu eta hezkuntza laikoa
bultzatuko du.
·
Irakasleak: Maisu eta maistren funtzioa ikasleak ezagupen bidetik bideratzea, gidatzea
eta orientatzea da, haurren autonomia errespetatuz eta sariak zein zigorrak
alboratuz.
Haurrari pentsarazi egin behar zitzaion eta gertaera eta
fenomeno askotarikoen aurrean ikuspegi zientifikoa agertu. Horrez gain,
haurrekiko harremanetan trebetasuna erakusten zuten irakasleak nahi zituen
Ferrerek. Hori dela eta, Eskolak behar zituen nolakotasun horiek betetzen
zituzten irakasleak bihurtu ziren beste irakasle berrien maisu.
Ferrer i Guardiaren eragina izugarri handia izan da mugimendu anarkistan eta leku propioa du Hezkuntzaren Historian. Hori dela eta, une honetan aurrera eramaten ari diren hezkuntza esperientzia libertarioetan erreferentzia izaten jarraitzen du.
Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina