Maria Montessori, 1870ean jaiotako psikiatra eta
pedagogo italiarra izan zen. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatu
ondoren, lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Ondoren, Filosofian eta
Natur Zientzietan lizentziatu zen.
Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen
jarreraren ondorioz, ospitaleetan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hori
izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko zioa. Ikasle horien
erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere
teoriaren oinarriak jartzen hasi zen.
1907an Erroman “Casa dei banbini” eskola
sortu zuen. Bertan urteak eman zituen ikertzen. Jarduera horri esker, bere
lehen liburuak idazten, hitzaldiak ematen eta mundu osoan bere teoriaren berri
ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta
Herbeheretan egonaldiak egin zituen. Azken herrialde horretan hil zen, 1952an.
Montessoriren metodoaren ardatz nagusiak:
Aurretik esan bezala, Maria Montessori Eskola
Berriaren mugimenduaren barnean kokatzen da. “Pedagogia Zientifikoa” lanean,
haurraren garapenaz zein haren irakaskuntzaz pentsatzen duena biltzen du.
- Haurraren garapena: Ez da lineala. Hainbat maila dauzka eta bakoitzak bere sentsibilitatea du:
- Haurtzaro txikia
(0-6 urte)
- Haurtzaro handia
(6-12 urte)
- Nerabezaroa (12-18
urte)
- Heldutasun gaztea
(18-24 urte)
Sentimen garai
bakoitzak funtzio berri bat dakar, hala nola, ordena, hizkuntza eta mugimendua.
Funtzio berri horiek era nahasian izatetik, era sinple eta argi batean
ezartzera pasatuko dira. Jaiotzetik 6 urte bitartekoa da bizitzako eperik
garrantzitsuena.
Haren metodoa epe
horretarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur
Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere
hedatu diren.
Montessorik idatzi
zuenez, ez zuen jeniorik sortu nahi, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko
aukerak eman baizik. Horrela proposatuta, 6 urteko haur bat biderketa,
zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da,
oroimena erabili gabe. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia
bereganatzea.
·
Zentzumenen
garapenaren printzipioa: Eskua adimenaren
faktorea da. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik
dator.
Haurrak, mundua
zentzumen guztiak erabiliz bereganatzen du. Objektu berri bat aztertzeko ikusi,
eskuetan hartu, bota, zurrupatu eta hozkatu egingo du. Haurra 6 urte bitartean
kontzeptu abstraktuen bidean jar daiteke, baldin eta material egokiz aritu
bada.
Horixe da eskolako materialari ematen dion
garrantziaren zergatia. Haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta
usainduz ikasten duenez, zentzumen horiek guztiak era progresiboan lantzen
dituzten materialak sortu zituen.
·
Ikaslearen jarduera
librearen printzipioa: Bizitza
garapena, eboluzioa da. Bizitzan garapen harmonikoa aztoratzen duten oztopoak
agertzen dira. Horiek gainditu ahal izateko, haurrei aske jarduten utzi behar
diegu.
Eskolan ezartzen den
askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du
Montessorik, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak.
Pasibitatean ez dago askatasunik, eta ezin da barneko mundua era egokian
garatu. Horregatik, norberak ikasten du, autohezkuntza sortzen da.
Ordenak garrantzi
berezia du haren metodoan, ordena fisikoak psikologikoa edukitzera ere eramaten
duelako.
·
Banakotasunaren
printzipioa: Montessoriren metodoa norbanakoaren erritmoan
eta jarraipenean oinarritzen da. Irakasleak haur bakoitza non dagoen ikusi
behar du eta bakoitzaren bidea zuzendu. Montessorik irakasleei zuzendari deitzen
zien.
Materialak
autozuzentzaileak dira, beraz, akatsen edo ondo egindakoen berri ematen dute.
Haurra bere erritmoan
uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten.
Bestalde, haurrek
beraien artean ere ikasten dute. Hori dela eta, talde heterogeneotan aritzea
proposatzen du. Zenbait adinetako haurrak gela berean biltzean, besteekiko eta
ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handiek oso era egokian irakasten dute
eta txikiak handien ereduaz probesten dira.
Montessoriren materialak:
Zentzumenen lanketatik abiatzen dira. Gela batean
hainbat gauza ikus daitezke: dorreak egiteko neurri askotariko blokeak,
usaimena lantzeko ontziak, ukimenaz bereizteko piezak, soinuak egiteko
txilinak, esku trebetasuna lantzeko lokarriak, lixazko letrak, fonogramak, pote
termikoak, geometria lantzeko piezak,…
Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala
nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa edo usaina. Ezaugarri
horiek bakarka agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, soilik
kolorea desberdina duten objektuak ikusiko dituzte, baina tamaina, forma eta
abar berdinak izango dituzte.
Hasieran kontraste handiz eskainiko dira ezaugarri
horiek, hala nola, gorria eta urdina. Horiek bereizten joan ahala, urdin
ezberdin guztiak bereizten hasiko dira.
Materiala graduatua da. Ezaugarri horiek menderatu
ahala, beste nolakotasun batzuk lantzeko erabiliko dira.
Bada interesgarria den beste material bat: bizitza
praktikorako kutxak. Horien garrantzia haurrek imitatzeko duten joeran datza.
Kutxa horietan hainbat gauza sar ditzakegu: botoiak, kremailerak, korapiloak
egiteko lokarriak, zapatei emateko betuna, oskolak,…
Materiala hiru taldetan banatzen da gela barruan: bizitzarako materiala
(3-4 urtekoentzat), zentzumenak lantzekoa (gelako guztientzat) eta material
akademikoa (irakurketa, idazketa, natura, geografia, gramatika, ... lantzekoa.
Haurrak gai horiek lantzeko prestatuta badaude erabiltzeko.)
Euskal Herriko hasierako ikastoletan eta oraingo
ikastetxeetan aurkitzen ditugu Montessoriren filosofiaren aztarnak, beti ere,
Eskola Berriaren filosofiarekin nahastuta.
Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina