Ovide Decroly, 1971n jaiotako sendagile, psikologo eta
hezitzaile belgikarra izan zen.
Ganteko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak egin zituen
eta 1896. urtean doktorego ezohiko saria eskuratu zuen. Beranduago, Berlinen
eta Parisen garuneko patologiari buruzko ikasketak eta ikerketak burutu zituen.
1901ean, Hezkuntza
Bereziko Institutua sortu zuen. Bruselan kokaturik, Decrolyk haur “irregularrak”
hezi eta aztertzen zuen, iraultza pedagogikoa hasteko asmoa zuelarik.
Haur mota horrekin izandako arrakasta dela eta,
eskarmentu horretan oinarritu zen ikasle arruntei zuzenduriko L´Ermitage Eskola sortzeko. Ikastetxe hori,
Lehen Hezkuntza eskainiz, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleen heziketaz arduratu
zen.
1905. urtean, Bruselan bertan, Umezurtzen Etxea ireki zuen eta bertako lehendakari izan zen.
Decrolyk sortutako metodo pedagogikoa Belgika osoan zehar
hedatu zen eta hango eskola publikoetan ofizialtasunez ezartzera iritsi zen.
Hego Ameriketan eta Estatu Espainiarrean bere ikusmolde
berriak ezagutarazten ibili zen. Haren metodoak zabalkunde handia izan zuen eta
jarraitzaile asko lortu zituen.
Hezkuntza eta eskolari buruzko kontzeptualizazioa:
Decrolyren ustez, irakaskuntzaren jasotzailea den ikaslea
hezkuntzaren ardatza da eta ideia horrek bi aldagai ikastera eramaten du. Alde batetik,
eskola eta bizitzaren arteko harremanak eta beste aldetik, ikaslea hezkuntza
behar anitz, berezi, indibidual eta bakarrak dituena dela.
Decrolyren eskoletako hezkuntzaren xedea, haurra
bizitzarako prestatzea da, bere bizitza indibidualerako nahiz bere gizarte
bizitzarako.
Decrolyren pedagogiaren ekarpenik garrantzitsuenak ideia
elkartuak eta interesguneak dira. Lehenengoei programa
deitzen zaie eta bigarrenei metodoa.
Eskola tradizionalaren programak arbuiatzen ditu,
haurraren interesak eta pentsamenduaren prozesua kontuan hartzen ez dituelako
eta irakaskuntzaren baliabide bakarra irakaslearen ahozko adierazpena delako.
Haurraren interes psikobiologikoa da arreta mantendu,
zuzendu eta adimenaren bereganatzea erregulatzen duena.
Horregatik, bere ideia elkartuen programak bi helburu
nagusi ditu:
- Nork bere burua edo pertsonalitatea ezagutzea eta ondorioz, nork bere beharrak, igurikapenak, xedeak eta idealak.
- Natura ezagutzea, bertan parte hartu behar baita norberaren igurikapenak, beharrak, xedeak eta idealak errealitate bihur daitezen.
Edukiei dagokionez, ezagutzaren pilaketa ez du puntu
garrantzitsutzat jotzen, haiekiko interesa eta bereganatzeko trebezia baizik. Gutxieneko
ezagutza intelektuala momentuko eta etorkizuneko haurraren beharrak asetzeko
beharrezkotzat jotzen diren edukiek osatzen dute. Ondorioz, haurraren
oinarrizko beharretan funtsatutako programa sortu zuen.
Edukien denboralizazio eta
sekuentziaketari
dagokionez, ideia elkartuen programa hau 3-4 urteko ikasleekin lantzen has
daiteke. Eduki hauen irakaskuntza-ikaskuntza, ardatz nagusiak mantenduz,
espiral antzera garatzen joaten dira.
Edukiak lantzeko moduari dagokionez, Decrolyk ideia
elkartuen programaren interpretazioa baimentzen duen ariketa saila aurkeztu
zuen. Ariketa horiek ordena psikologiko batean kokatzen dira eta adimenaren
prozesuaren ekintza siklo bat osatzen dute. Hurrengo hiru ariketa motak
ezberdintzen dira:
- Behaketa ariketak.
- Elkarketa ariketak.
- Adierazpen ariketak.
Eskolako lana interesguneen metodoaren
bitartez garatzea proposatzen zuen, hori baita behaketa, elkarketa eta
adierazpena estimulatzen dituena.
Aurreko guztia printzipio orohartzaileak blaitzea planteatzen du. Hala ere,
irakurketaren irakaskuntzaren kasuan baino ez zuen printzipio honen aplikazio koherente
eta zehaztua adierazi.
Metodo ideo-bisual,
ideografiko edo begi naturala, haurraren ezagutza psikologikoan oinarritzen da eta hurrengo
ezaugarri nagusiak ditu:
- Irakurketaren begi metodoa da. Ikusmenak balio sintetiko edo orohartzailea duenez, hizkiz hizki joan gabe irakurketa arrunta baimentzen du.
- Esaldi eta hitz osoaren erabilera. Ikaskuntzak, sinpletik konposatura eta konkretutik abstrakturako printzipioei jarraitzen die. Horregatik, haurraren komunikazioa esaldi eta ideien bitartez gauzatzen da, eta ez silaba edota hizkien bidez.
- Interesak eta jolasak lagundutako errepikapena.
- Irakurketa interesgunearen programan oinarrituta dago eta irakaskuntza orohartzailearen bidez ikasitakoari aplikatzen zaio.
- Begi oroimenaren lanketa.
Printzipio orohartzailearekin batera,
Decrolyk hezkuntza jolasak eraiki
zituen. Hauen hasierako helburua, Hezkuntza Bereziko arloan soilik aplikatzea
zen baina Haur Hezkuntzan ere arrakasta handia izan zuen. Jolasak hiru multzotan sailkatu zituen:
- Zentzumenezko sumaketa eta gaitasun motorea garatzera bideratutakoak.
- Ideia orokorren edo elkarte induktibo eta deduktiboen jolasak.
- Propioki didaktikoak: Aritmetika eta irakurketaren hasierakoak, hizkuntza eta gramatikaren ulermenezkoak eta denbora kontzeptuari dagozkienak.
- Eskola, naturarekin harreman zuzena duen ingurunean kokaturik egon behar du.
- Aretoek tailerren eta laborategien amtza izango dute.
- Eskolak, adin eta sexu ezberdinetako ikasle kopuru txikia izango du.
- Ikastaldea ahal den homogeneoa izango da.
- Diziplina, haurren aktibitate eta lanaren ondorio da, eta ez geldotasunaren, pasibitatearen eta obedientziaren emaitza.
- Irakaslea aktiboa, adimentsua eta sormen handikoa izan behar du.
Ebaluazio dokumentuei dagokionez,
Decrolyren eskoletan buletinak eta notak txostenek ordezkatzen dituzte,
zeinetan ikaslearen egoera psikologikoari buruzko azterketa indibidual, zehatz
eta osoa agertzen den.
Decrolyren ikusmolde pedagogikoa eta hark
proposaturiko neurriak, erabat berriak eta iraultzaileak izan ziren bere
garaian. Gaur egun, Haur Hezkuntzan aritzen diren profesional eta adituek oso
arruntzat hartzen dituzte.
Iturria: Hik Hasi, Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina