2014(e)ko abenduaren 4(a), osteguna

FRANCESC FERRER i GUARDIA (1859-1909)

Alela izeneko Bartzelonako herri batean jaio zen, 1859.urteko urtarrilaren 10ean. Haurtzaroa apaizekin igaro zuen eta haiekin jasotako kolpeek eta zigorrek, eragina izango zuten heldutasunean izan zuen elizaren kontrako jarreran.

Europa izan zuen bizileku, eta kontinente horretako sozialismo utopikoko buruekin elkarkidetzan aritu zen.

1898.urtean, P. Kropotkinen iradokizunengatik anarkismoan oinarritzen zen hezkuntza komite bat sortu zuen, non hezkuntza integrala, arrazionala, mistoa eta libertarioa jorratu behar zen.

1891.urtean herentzia garrantzitsu bat eskuratu ondoren, Eskola Modernoa sortu zuen, urte gutxiren buruan matrikula kopuru handia lortzen joan zena eta estatuko beste lurraldeetara zabaldu zena.

Haren ikuspegi erradikala dela medio, Bartzelonako Aste Tragikoan parte hartzea leporatu ondoren, Gerra Kontseilu batek hiltzera kondenatu zuen, eta 1909an erail zuten.


Ferrer i Guardiaren teoria pedagogikoaren abiapuntua

Francesc Ferrer i Guardia, pedagogo anarkista dugu, zeinak eskolaren bitartez sozialismo utopikoa zabaldu nahi zuen.

“Zergatik eta zertarako hezi nahi ditugu haurrak” izango da haren galderarik garrantzitsuena eta erantzun bakarra izango du Ferrerek:

Pertsonen liberazioa lortu behar da eta horren bitartez gizartearen aldaketa lortuko da. Hezkuntzak edozein botereren aurkako errebelamendua piztu behar du gizabanakoarengan. Gainera, hezkuntzak zapalkuntza espiritualaren eta sasi balioen kontra jo behar du. Horren ondoren, elkarbizitzarako gizarte egitura berria sortuko da.

Ardatz nagusi horren gainean joan ziren eraikitzen sozialismo utopikoaren alderdi pedagogikoak. Anarkistek erakunde guztien kontra jo zuten, gizartearen eraldaketaren bila. Estatuen oinarriak ere kendu behar ziren, hots, estatua bera eta eliza.

Horrela, hezkuntza berria eraikitzeko, borondatez egiten ez den guztia ezabatu behar da, hala nola, azterketak, ordutegi finkoak, programak, sariak eta zigorrak,…

Haur bakoitzak bere erritmoan ikasi behar du, haren jarrerak errespetatu behar dira eta komunitateari zuzendu behar zaizkio ahal egin guztiak.

Eskola mota horri, modernoa deitzeaz gain, arrazionala ere deitzen zaio, izan ere, horixe da beste ardatz nagusia.

Irakaskuntza arrazionala, ezer baino lehenago, hutsaren eta ezjakintasunaren kontrako defentsa estrategia da. Oinarri zientifikoetatik eraiki behar da ezagutza, dogmatismo arrastorik gabe edota superstiziorik gabe, eta mitoen kontra.

Ferreren iritziz, erlijioak errealitatearen interpretazio ez zientifikoa dakar, dogmatikoa eta pertsonen menekotasuna ekartzen du. Horregatik, Eskola Modernoak zientzia naturalaren ikaskuntza defendatzen zuen, egiaztagarria zena, behagarria zena, zientifikoa zena eta arrazionaltasunaren bitartez erakusten zena.

Edozein pertsonak bere jakintza propioa jorratu eta izan behar du, bakoitzak bere ezagupenetan parte hartuz eta sorturiko arazoak bere kabuz konponduz.

Horren irakaskuntza laikoa da eta lan handia egingo du norabide horretan.

Bestalde, Ferrerek ez zuen ezagupena lorpen indibidualtzat ulertzen. Hagitz garrantzitsua zen berarentzat jakintza konpartitzea. Partekatzearen jarduera, berez, aberatsa da haren ustez, izan ere, jakintza gehiago sortzeko ahalmena baitu. Horregatik, eskolako korrespondentzia bultzatu zuen ikasleen iritsiak agertuz.

Liburuak, bestalde, jakintzaren iturri dira; horregatik, liburutegiak izan behar du eskolako zentro. Baina liburu guztiak ez direla onak pentsatzen du, soilik iritsi kritikoa bultzatzen dutenak eta ezagupena zabaltzen dutenak dira onargarriak.

Horregatik, harentzat garrantzi handia izan zuen liburuen sailkapenak eta zabalpenak. Hain zaila zen garai horretan nahi zen liburua eskuratzea, non Ferrerek bere argitaletxe propioa sortzea erabaki zuen.


Ferreren irizpide pedagogikoak

Ferrerek idatzitako “La Escuela Moderna” liburuan agerian uzten ditu bere eskolan aurrera eraman nahi dituen ideia pedagogikoak. Hainbat gai jorratzen ditu idazlan horretan, eta batzuk azpimarratuko ditugu orain.

  • Hezkidetza: XIX.mendearen bukaeran eta XX.mendearen hasieran, neskek eta mutilek eskola desberdinetan ikasten zuten. Eskola arrazionalarentzat, neskak eta mutilak elkarrekin heztea, eskola mistoa, alegia, ezinbestekoa zen. Bertako hezkidetzaren helburu bat, emakumea gizonaren elementu bat ez zela argi agertzea zen.

  • Klase sozialen arteko hezkuntza: Gizarte aberatsek zein pobreek ikasteko aukera izan behar dute. Elkarrekin ikasiz elkar aberasten dute, beste ikuspegi bat hartzen dute, klase bakoitzak bere lekutik bestearen beharrak eta nahiak ikusten ditu eta giza egoera justuagoak sortzeko gaitasun handiagoa eskuratzen dute. Gizaki guztiak zerbait eskaintzeko ahalmena dauka, besteentzat baliagarri suerta daitekeena. Hortaz, Ferrerek giza klase guztietako ikasleak onartzen zituen.                                     Ferrerentzat, bestalde, unibertsitateko irakaslea zein fabrikako langilea izan daiteke jakintzaren iturri. Ideia horretatik garatu ziren “Igandeetako irakaspena” deitutakoak. Horietan, Eskolak bere ateak irekitzen zizkien ikasi nahi zuten guztiei. Herria hezkuntza iturri bihurtzen da, gaur egungo eskola kritikoak bultzatzen duen eredua aurreikusiz.

  
·         Ez zigorrik, ez oparirik, ez azterketarik: Gizarte horretan zeuden sailkapenik handienak saihestuta, ikasleen artean beste mota bateko sakabanaketak ez zuen zentzurik. Ikasketen araberako sailkapenak, adimenaren edota errendimenduaren araberakoak, ez zuen lekurik Eskola Modernoan. Horregatik, eskola horretan ez zen notarik ezartzen. Gauza bera gertatzen zen zigorrekin. Ikasle bakoitzak egiten zuena onartzen zen notarik, zigorrik edo saririk gabe, hau da, kanpoko balioespen horiek gabe.
  
Ikasketen araberako sailkapenik suerta ez zedin, ez zen azterketarik egiten. Ferrerentzat azterketak ez ziren ikaslearen onerako suertatzen, irakaslearen zorroztasuna adierazteko baizik.
  
Eskola horretan, ikasketetan huts egiteak ez zekarren haurrak zigortzea, garaiko beste eskoletan gertatzen zen moduan. 

·         Balioak: Ferrerek bereziki goraipatuko ditu pertsona autonomo egiten duten balioak. Horrela, antolatzeko autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna, iritsi propioen garapena eta abar bihurtuko dira haren hezkuntzaren proposamenaren ardatz. 

     Baina balio horiek guztiak ez dira interesgarriak helburu komunitariorik ez badute. Horregatik, norbanakoaren gaitasunak kolektibitatearen hobekuntzarako bidean jarri behar dira. Haren eskolan emango den hezkuntza,  libertarioa izan behar du. Pertsonen askatasunetik hasiz erkidegoaren askatasunerantz doana. Hiritartasuna, errespetua, elkarbizitza, partaidetza edota elkartasuna, bai bertakoa bai unibertsala izango dira Ferrerek bultzatuko dituen balioak. 

Bestalde, XIX.mendean dauden Elizaren kontrako mugimendu progresistei jarraituz, Elizak gizartearengan eta norbanakoaren kontzientzietan daukan boterea gogor eta bortizki kritikatuko ditu eta hezkuntza laikoa bultzatuko du.
  
·         Irakasleak: Maisu eta maistren funtzioa ikasleak ezagupen bidetik bideratzea, gidatzea eta orientatzea da, haurren autonomia errespetatuz eta sariak zein zigorrak alboratuz. 

Haurrari pentsarazi egin behar zitzaion eta gertaera eta fenomeno askotarikoen aurrean ikuspegi zientifikoa agertu. Horrez gain, haurrekiko harremanetan trebetasuna erakusten zuten irakasleak nahi zituen Ferrerek. Hori dela eta, Eskolak behar zituen nolakotasun horiek betetzen zituzten irakasleak bihurtu ziren beste irakasle berrien maisu. 



Ferrer i Guardiaren eragina izugarri handia izan da mugimendu anarkistan eta leku propioa du Hezkuntzaren Historian. Hori dela eta, une honetan aurrera eramaten ari diren hezkuntza esperientzia libertarioetan erreferentzia izaten jarraitzen du.  





Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

2014(e)ko azaroaren 26(a), asteazkena

PEDAGOGIA LIBERTARIOAK ETA ANTIAUTORITARIOAK

XIX. mendearen erdialdean Bigarren Industria Iraultza aurrera zihoan, eta horrekin batera, ondorio latzak langile eta nekazarientzat. Burgesia eta aristokrazia nagusi ziren gizartearen botere politiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan.

Egoera horren aurrean, langileak sindikatuetan antolatzen hasi ziren eta intelektualek beren teoriak eta proposamenak eratzeari ekin zioten.

Erabateko aldaketaren inguruko sistema teorikoak sortu ziren, marxismoa eta anarkismoa, besteak beste.

 

Bi sistema horiek helburu bera baldin bazuten ere, ikuspegi eta bide desberdinak zituzten. Hala ere, 1864 eta 1876 artean elkarrekin aritu ziren Londresen eratutako “Lehen Internazionala” erakundean eta geroztik, prozesu eta teoria desberdinak garatu zituzten.

Pentsamolde utopikoak kritika gogorra egin zien botere ekonomikoa zuten erakundeei (eliza, familia eta estatua).

Oraingoan, anarkismoari erreparatuko diogu, F. Ferrer i Guardiaren hezkuntza ikuspegi libertarioa agertuz.



Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

2014(e)ko azaroaren 25(a), asteartea

MARIA MONTESSORI (1870-1952)

Maria Montessori, 1870ean jaiotako psikiatra eta pedagogo italiarra izan zen. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatu ondoren, lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Ondoren, Filosofian eta Natur Zientzietan lizentziatu zen.

Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaleetan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hori izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko zioa. Ikasle horien erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere teoriaren oinarriak jartzen hasi zen.

1907an Erroman “Casa dei banbini” eskola sortu zuen. Bertan urteak eman zituen ikertzen. Jarduera horri esker, bere lehen liburuak idazten, hitzaldiak ematen eta mundu osoan bere teoriaren berri ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta Herbeheretan egonaldiak egin zituen. Azken herrialde horretan hil zen, 1952an.


Montessoriren metodoaren ardatz nagusiak:

Aurretik esan bezala, Maria Montessori Eskola Berriaren mugimenduaren barnean kokatzen da. “Pedagogia Zientifikoa” lanean, haurraren garapenaz zein haren irakaskuntzaz pentsatzen duena biltzen du.


  • Haurraren garapena: Ez da lineala. Hainbat maila dauzka eta bakoitzak bere sentsibilitatea du:
- Haurtzaro txikia (0-6 urte)
- Haurtzaro handia (6-12 urte)
- Nerabezaroa (12-18 urte)
- Heldutasun gaztea (18-24 urte)

Sentimen garai bakoitzak funtzio berri bat dakar, hala nola, ordena, hizkuntza eta mugimendua. Funtzio berri horiek era nahasian izatetik, era sinple eta argi batean ezartzera pasatuko dira. Jaiotzetik 6 urte bitartekoa da bizitzako eperik garrantzitsuena.

Haren metodoa epe horretarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere hedatu diren.

Montessorik idatzi zuenez, ez zuen jeniorik sortu nahi, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko aukerak eman baizik. Horrela proposatuta, 6 urteko haur bat biderketa, zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da, oroimena erabili gabe. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia bereganatzea. 

·         Zentzumenen garapenaren printzipioa: Eskua adimenaren faktorea da. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik dator. 

Haurrak, mundua zentzumen guztiak erabiliz bereganatzen du. Objektu berri bat aztertzeko ikusi, eskuetan hartu, bota, zurrupatu eta hozkatu egingo du. Haurra 6 urte bitartean kontzeptu abstraktuen bidean jar daiteke, baldin eta material egokiz aritu bada.

Horixe da eskolako materialari ematen dion garrantziaren zergatia. Haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten duenez, zentzumen horiek guztiak era progresiboan lantzen dituzten materialak sortu zituen. 

·         Ikaslearen jarduera librearen printzipioa: Bizitza garapena, eboluzioa da. Bizitzan garapen harmonikoa aztoratzen duten oztopoak agertzen dira. Horiek gainditu ahal izateko, haurrei aske jarduten utzi behar diegu.

Eskolan ezartzen den askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du Montessorik, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak. Pasibitatean ez dago askatasunik, eta ezin da barneko mundua era egokian garatu. Horregatik, norberak ikasten du, autohezkuntza sortzen da. 

Ordenak garrantzi berezia du haren metodoan, ordena fisikoak psikologikoa edukitzera ere eramaten duelako. 

·         Banakotasunaren printzipioa: Montessoriren metodoa norbanakoaren erritmoan eta jarraipenean oinarritzen da. Irakasleak haur bakoitza non dagoen ikusi behar du eta bakoitzaren bidea zuzendu. Montessorik irakasleei zuzendari deitzen zien.

Materialak autozuzentzaileak dira, beraz, akatsen edo ondo egindakoen berri ematen dute.

Haurra bere erritmoan uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten.

Bestalde, haurrek beraien artean ere ikasten dute. Hori dela eta, talde heterogeneotan aritzea proposatzen du. Zenbait adinetako haurrak gela berean biltzean, besteekiko eta ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handiek oso era egokian irakasten dute eta txikiak handien ereduaz probesten dira.


Montessoriren materialak:

Zentzumenen lanketatik abiatzen dira. Gela batean hainbat gauza ikus daitezke: dorreak egiteko neurri askotariko blokeak, usaimena lantzeko ontziak, ukimenaz bereizteko piezak, soinuak egiteko txilinak, esku trebetasuna lantzeko lokarriak, lixazko letrak, fonogramak, pote termikoak, geometria lantzeko piezak,…




Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa edo usaina. Ezaugarri horiek bakarka agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, soilik kolorea desberdina duten objektuak ikusiko dituzte, baina tamaina, forma eta abar berdinak izango dituzte.

Hasieran kontraste handiz eskainiko dira ezaugarri horiek, hala nola, gorria eta urdina. Horiek bereizten joan ahala, urdin ezberdin guztiak bereizten hasiko dira.

Materiala graduatua da. Ezaugarri horiek menderatu ahala, beste nolakotasun batzuk lantzeko erabiliko dira. 

Bada interesgarria den beste material bat: bizitza praktikorako kutxak. Horien garrantzia haurrek imitatzeko duten joeran datza. Kutxa horietan hainbat gauza sar ditzakegu: botoiak, kremailerak, korapiloak egiteko lokarriak, zapatei emateko betuna, oskolak,…

               


Materiala hiru taldetan banatzen da gela barruan: bizitzarako materiala (3-4 urtekoentzat), zentzumenak lantzekoa (gelako guztientzat) eta material akademikoa (irakurketa, idazketa, natura, geografia, gramatika, ... lantzekoa. Haurrak gai horiek lantzeko prestatuta badaude erabiltzeko.)


Euskal Herriko hasierako ikastoletan eta oraingo ikastetxeetan aurkitzen ditugu Montessoriren filosofiaren aztarnak, beti ere, Eskola Berriaren filosofiarekin nahastuta.


Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

2014(e)ko azaroaren 10(a), astelehena

OVIDE DECROLY (1871-1932)

Ovide Decroly, 1971n jaiotako sendagile, psikologo eta hezitzaile belgikarra izan zen.

Ganteko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak egin zituen eta 1896. urtean doktorego ezohiko saria eskuratu zuen. Beranduago, Berlinen eta Parisen garuneko patologiari buruzko ikasketak eta ikerketak burutu zituen.

1901ean, Hezkuntza Bereziko Institutua sortu zuen. Bruselan kokaturik, Decrolyk haur “irregularrak” hezi eta aztertzen zuen, iraultza pedagogikoa hasteko asmoa zuelarik.

Haur mota horrekin izandako arrakasta dela eta, eskarmentu horretan oinarritu zen ikasle arruntei zuzenduriko L´Ermitage Eskola sortzeko. Ikastetxe hori, Lehen Hezkuntza eskainiz, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleen heziketaz arduratu zen.

1905. urtean, Bruselan bertan, Umezurtzen Etxea ireki zuen eta bertako lehendakari izan zen.

Decrolyk sortutako metodo pedagogikoa Belgika osoan zehar hedatu zen eta hango eskola publikoetan ofizialtasunez ezartzera iritsi zen.

Hego Ameriketan eta Estatu Espainiarrean bere ikusmolde berriak ezagutarazten ibili zen. Haren metodoak zabalkunde handia izan zuen eta jarraitzaile asko lortu zituen. 


Hezkuntza eta eskolari buruzko kontzeptualizazioa:

Decrolyren ustez, irakaskuntzaren jasotzailea den ikaslea hezkuntzaren ardatza da eta ideia horrek bi aldagai ikastera eramaten du. Alde batetik, eskola eta bizitzaren arteko harremanak eta beste aldetik, ikaslea hezkuntza behar anitz, berezi, indibidual eta bakarrak dituena dela.

Decrolyren eskoletako hezkuntzaren xedea, haurra bizitzarako prestatzea da, bere bizitza indibidualerako nahiz bere gizarte bizitzarako.

Decrolyren pedagogiaren ekarpenik garrantzitsuenak ideia elkartuak eta interesguneak dira. Lehenengoei programa deitzen zaie eta bigarrenei metodoa.

Eskola tradizionalaren programak arbuiatzen ditu, haurraren interesak eta pentsamenduaren prozesua kontuan hartzen ez dituelako eta irakaskuntzaren baliabide bakarra irakaslearen ahozko adierazpena delako.

Haurraren interes psikobiologikoa da arreta mantendu, zuzendu eta adimenaren bereganatzea erregulatzen duena. 

Horregatik, bere ideia elkartuen programak bi helburu nagusi ditu:
  • Nork bere burua edo pertsonalitatea ezagutzea eta ondorioz, nork bere beharrak, igurikapenak, xedeak eta idealak.
  • Natura ezagutzea, bertan parte hartu behar baita norberaren igurikapenak, beharrak, xedeak eta idealak errealitate bihur daitezen. 

Edukiei dagokionez, ezagutzaren pilaketa ez du puntu garrantzitsutzat jotzen, haiekiko interesa eta bereganatzeko trebezia baizik. Gutxieneko ezagutza intelektuala momentuko eta etorkizuneko haurraren beharrak asetzeko beharrezkotzat jotzen diren edukiek osatzen dute. Ondorioz, haurraren oinarrizko beharretan funtsatutako programa sortu zuen. 

Edukien denboralizazio eta sekuentziaketari dagokionez, ideia elkartuen programa hau 3-4 urteko ikasleekin lantzen has daiteke. Eduki hauen irakaskuntza-ikaskuntza, ardatz nagusiak mantenduz, espiral antzera garatzen joaten dira.

Edukiak lantzeko moduari dagokionez, Decrolyk ideia elkartuen programaren interpretazioa baimentzen duen ariketa saila aurkeztu zuen. Ariketa horiek ordena psikologiko batean kokatzen dira eta adimenaren prozesuaren ekintza siklo bat osatzen dute. Hurrengo hiru ariketa motak ezberdintzen dira:
  • Behaketa ariketak.
  • Elkarketa ariketak.
  • Adierazpen ariketak.


Eskolako lana interesguneen metodoaren bitartez garatzea proposatzen zuen, hori baita behaketa, elkarketa eta adierazpena estimulatzen dituena.

Aurreko guztia printzipio orohartzaileak blaitzea planteatzen du. Hala ere, irakurketaren irakaskuntzaren kasuan baino ez zuen printzipio honen aplikazio koherente eta zehaztua adierazi. 

Metodo ideo-bisual, ideografiko edo begi naturala, haurraren ezagutza psikologikoan oinarritzen da eta hurrengo ezaugarri nagusiak ditu:
  • Irakurketaren begi metodoa da. Ikusmenak balio sintetiko edo orohartzailea duenez, hizkiz hizki joan gabe irakurketa arrunta baimentzen du.
  • Esaldi eta hitz osoaren erabilera. Ikaskuntzak, sinpletik konposatura eta konkretutik abstrakturako printzipioei jarraitzen die. Horregatik, haurraren komunikazioa esaldi eta ideien bitartez gauzatzen da, eta ez silaba edota hizkien bidez. 
  • Interesak eta jolasak lagundutako errepikapena.
  • Irakurketa interesgunearen programan oinarrituta dago eta irakaskuntza orohartzailearen bidez ikasitakoari aplikatzen zaio.
  • Begi oroimenaren lanketa.

Printzipio orohartzailearekin batera, Decrolyk hezkuntza jolasak eraiki zituen. Hauen hasierako helburua, Hezkuntza Bereziko arloan soilik aplikatzea zen baina Haur Hezkuntzan ere arrakasta handia izan zuen. Jolasak hiru multzotan sailkatu zituen:
  •  Zentzumenezko sumaketa eta gaitasun motorea garatzera bideratutakoak.
  • Ideia orokorren edo elkarte induktibo eta deduktiboen jolasak.
  • Propioki didaktikoak: Aritmetika eta irakurketaren hasierakoak, hizkuntza eta gramatikaren ulermenezkoak eta denbora kontzeptuari dagozkienak. 

Eskolaren antolaketari dagokionez, hurrengo hauek dira haren postulatuak:
  • Eskola, naturarekin harreman zuzena duen ingurunean kokaturik egon behar du.
  • Aretoek tailerren eta laborategien amtza izango dute.
  • Eskolak, adin eta sexu ezberdinetako ikasle kopuru txikia izango du.
  • Ikastaldea ahal den homogeneoa izango da.
  • Diziplina, haurren aktibitate eta lanaren ondorio da, eta ez geldotasunaren, pasibitatearen eta obedientziaren emaitza.
  • Irakaslea aktiboa, adimentsua eta sormen handikoa izan behar du. 

Ebaluazio dokumentuei dagokionez, Decrolyren eskoletan buletinak eta notak txostenek ordezkatzen dituzte, zeinetan ikaslearen egoera psikologikoari buruzko azterketa indibidual, zehatz eta osoa agertzen den.


Decrolyren ikusmolde pedagogikoa eta hark proposaturiko neurriak, erabat berriak eta iraultzaileak izan ziren bere garaian. Gaur egun, Haur Hezkuntzan aritzen diren profesional eta adituek oso arruntzat hartzen dituzte.




Iturria: Hik Hasi, Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

ESKOLA BERRIA

Eskola Berriaren mugimendua dugu gaurko Mendebaldeko eskoletan eragin handiena izan duen korronte pedagogikoa. XIX.mendearen buakeran sortu zen, hezkuntza berriztatzea eta eskolako arazoei aurre egitea xede zuelarik.

Hezkuntzan, benetako aldaketak oso mantso gertatzen dira eta Eskola Berriaren kasuan, zekarren aldaketa horren sakona izanik, egundoko eragina izan zuen bere garaian, eta halaxe du gaur egun ere.

Lehendabiziko eskola berriak Ingalaterran sortu ziren, irakasteko era tradizionalen parean jarriz eta hezkuntza aukera berriak eskaintzeko asmoz. Ondoren, 1880. urteaz geroztik, Europako beste estatuetan agertu ziren: Frantzian, Alemanian, Belgikan, Italian eta Suitzan bereziki.

Laburbilduta, hauek dira Eskola Berriak bere baitan biltzen dituen oinarri pedagogikoak:

  • Eskola bizitzan bertan kokatu behar da: Ikasleak bizitzeko ikasi behar du. Erakundeak dinamiko eta lagungarri izan behar du eguneroko bizimoduaren arazoei aurre egiteko.
  • Eskolak, haurraren interesak kontuan hartu behar ditu: Haurra errealitate bakarra da eta horren inguruan gauzatu behar da eskolako programazioa eta irakaslearen jarduna. Eskolako edukiak eta jarduerak antolatzeko, haurraren interesak kokatu behar dira erdigunean.
  • Eskola aktiboa izan behar du: Eskolan, ikaslearen autonomia eta norberaren jarduna nagusi izan behar dira.
  • Eskolak egiazko elkartasun bizimodua ezarri behar du: Eskola egiazko gizartea da eta bertan, adiskidetasuna eta elkartasuna ezartzen dira.
  • Irakaslearen zereginari balio handiagoa eman behar zaio: Haren papera aldatzen denez, irakaslea profesionalagoa izan behar du.

Mugimendu honen barruan egile ezberdin asko sartzen diren arren, Ovide Decroly eta Maria Montessori ditugu ordezkari nagusienak.


Iturria: Hik Hasi, Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

2014(e)ko urriaren 27(a), astelehena

Sarrera

Kaixo lagunok!
EHU-ko Haur Hezkuntzako ikaslea naiz.
Gaur egungo pedagogian eragina duten pentsamendu eta mugimenduak asko direla badakigu.
Blog honen bidez, hezkuntzako eguneroko praktikan eragina izan duten eta oraindik ere duten autoreen ideia pedagogiko nagusiak ezagutaraziko dizkizuet.
Espero dut zuen gustokoa izatea!