2014(e)ko azaroaren 25(a), asteartea

MARIA MONTESSORI (1870-1952)

Maria Montessori, 1870ean jaiotako psikiatra eta pedagogo italiarra izan zen. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatu ondoren, lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Ondoren, Filosofian eta Natur Zientzietan lizentziatu zen.

Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaleetan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hori izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko zioa. Ikasle horien erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere teoriaren oinarriak jartzen hasi zen.

1907an Erroman “Casa dei banbini” eskola sortu zuen. Bertan urteak eman zituen ikertzen. Jarduera horri esker, bere lehen liburuak idazten, hitzaldiak ematen eta mundu osoan bere teoriaren berri ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta Herbeheretan egonaldiak egin zituen. Azken herrialde horretan hil zen, 1952an.


Montessoriren metodoaren ardatz nagusiak:

Aurretik esan bezala, Maria Montessori Eskola Berriaren mugimenduaren barnean kokatzen da. “Pedagogia Zientifikoa” lanean, haurraren garapenaz zein haren irakaskuntzaz pentsatzen duena biltzen du.


  • Haurraren garapena: Ez da lineala. Hainbat maila dauzka eta bakoitzak bere sentsibilitatea du:
- Haurtzaro txikia (0-6 urte)
- Haurtzaro handia (6-12 urte)
- Nerabezaroa (12-18 urte)
- Heldutasun gaztea (18-24 urte)

Sentimen garai bakoitzak funtzio berri bat dakar, hala nola, ordena, hizkuntza eta mugimendua. Funtzio berri horiek era nahasian izatetik, era sinple eta argi batean ezartzera pasatuko dira. Jaiotzetik 6 urte bitartekoa da bizitzako eperik garrantzitsuena.

Haren metodoa epe horretarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere hedatu diren.

Montessorik idatzi zuenez, ez zuen jeniorik sortu nahi, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko aukerak eman baizik. Horrela proposatuta, 6 urteko haur bat biderketa, zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da, oroimena erabili gabe. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia bereganatzea. 

·         Zentzumenen garapenaren printzipioa: Eskua adimenaren faktorea da. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik dator. 

Haurrak, mundua zentzumen guztiak erabiliz bereganatzen du. Objektu berri bat aztertzeko ikusi, eskuetan hartu, bota, zurrupatu eta hozkatu egingo du. Haurra 6 urte bitartean kontzeptu abstraktuen bidean jar daiteke, baldin eta material egokiz aritu bada.

Horixe da eskolako materialari ematen dion garrantziaren zergatia. Haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten duenez, zentzumen horiek guztiak era progresiboan lantzen dituzten materialak sortu zituen. 

·         Ikaslearen jarduera librearen printzipioa: Bizitza garapena, eboluzioa da. Bizitzan garapen harmonikoa aztoratzen duten oztopoak agertzen dira. Horiek gainditu ahal izateko, haurrei aske jarduten utzi behar diegu.

Eskolan ezartzen den askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du Montessorik, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak. Pasibitatean ez dago askatasunik, eta ezin da barneko mundua era egokian garatu. Horregatik, norberak ikasten du, autohezkuntza sortzen da. 

Ordenak garrantzi berezia du haren metodoan, ordena fisikoak psikologikoa edukitzera ere eramaten duelako. 

·         Banakotasunaren printzipioa: Montessoriren metodoa norbanakoaren erritmoan eta jarraipenean oinarritzen da. Irakasleak haur bakoitza non dagoen ikusi behar du eta bakoitzaren bidea zuzendu. Montessorik irakasleei zuzendari deitzen zien.

Materialak autozuzentzaileak dira, beraz, akatsen edo ondo egindakoen berri ematen dute.

Haurra bere erritmoan uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten.

Bestalde, haurrek beraien artean ere ikasten dute. Hori dela eta, talde heterogeneotan aritzea proposatzen du. Zenbait adinetako haurrak gela berean biltzean, besteekiko eta ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handiek oso era egokian irakasten dute eta txikiak handien ereduaz probesten dira.


Montessoriren materialak:

Zentzumenen lanketatik abiatzen dira. Gela batean hainbat gauza ikus daitezke: dorreak egiteko neurri askotariko blokeak, usaimena lantzeko ontziak, ukimenaz bereizteko piezak, soinuak egiteko txilinak, esku trebetasuna lantzeko lokarriak, lixazko letrak, fonogramak, pote termikoak, geometria lantzeko piezak,…




Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa edo usaina. Ezaugarri horiek bakarka agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, soilik kolorea desberdina duten objektuak ikusiko dituzte, baina tamaina, forma eta abar berdinak izango dituzte.

Hasieran kontraste handiz eskainiko dira ezaugarri horiek, hala nola, gorria eta urdina. Horiek bereizten joan ahala, urdin ezberdin guztiak bereizten hasiko dira.

Materiala graduatua da. Ezaugarri horiek menderatu ahala, beste nolakotasun batzuk lantzeko erabiliko dira. 

Bada interesgarria den beste material bat: bizitza praktikorako kutxak. Horien garrantzia haurrek imitatzeko duten joeran datza. Kutxa horietan hainbat gauza sar ditzakegu: botoiak, kremailerak, korapiloak egiteko lokarriak, zapatei emateko betuna, oskolak,…

               


Materiala hiru taldetan banatzen da gela barruan: bizitzarako materiala (3-4 urtekoentzat), zentzumenak lantzekoa (gelako guztientzat) eta material akademikoa (irakurketa, idazketa, natura, geografia, gramatika, ... lantzekoa. Haurrak gai horiek lantzeko prestatuta badaude erabiltzeko.)


Euskal Herriko hasierako ikastoletan eta oraingo ikastetxeetan aurkitzen ditugu Montessoriren filosofiaren aztarnak, beti ere, Eskola Berriaren filosofiarekin nahastuta.


Iturria: Hik Hasi. Pedagogo sortzaileak. Teorien iturburu. (2005eko Abendua)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina